XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta au, giza legerik iguingarriena da.

Ezin ditugu egin santuenak, jausitako anaiaren aurrean.

Kristok ez dau santukeriarik onartzen.

Jausi dan anaiagana Kristoren biotzagaz urreratu bear gara, au da, biotza maitasunean busti-busti eginda, apaltasunez beterik eta anaiaren ona billatzeko asmoz bakarrik.

Beste edozein asmo, ustel eta etsigarri litzake.

Beste aldetik, ezetan asi baiño len, ertzak zeatz-meatz artu bear deutsaguz gure egitekoari.

Gure salakuntzak oiñarri ziurra, egiazkoa bear dau, batik bat.

Ez da naikoa, or-emen entzundako esames bat, edozeiñen irudimenean egositako gaiztakeria bat, ago beroetan ibillitako asmakeria bat.

Jesusen eredura parkatzen ikasi bear dogu.

Gizaldirik gizaldi, gizon-emakumeen historia, aldik alde, guzurrezko ta saldukeriazko salakuntza ta ustelkeriaz, goi-goiraiño beterik dator.

Eta onen erruz, zenbat neke ta oiñaze, zenbat larrialdi ta negar, zenbat odol errugabe ixuri ete da bazterretan!

Guk politika deritxogun erakunde edo antzeko orrek, zenbat buru erru bako moztu ete ditu, zenbat gizon eta emakume kurutzeratu, baitegi ta espetxeetan, zio bako salakuntzak bide dirala.

Bestetik, gure izen ona, gure agiriko ta ixilleko bizitza babestuta ikusi gura genduke.

Ez dogu saldu nai barruko txoko zarratu ori.

Baiña, ezin dogu ezkutuan gorde.

Bertaraiño sartzen jakuz etsaiak.

Eta, gure barnetasuna iguiñez ausi ondoren, gure bizitza ta mirariak, orri igerrak lez, aizetara jaurtitzen ditue, askotan, euren erara ta gogotara gauzak esan eta idatziz.

Eta gaiztakeria oneik dira, guk, Jesusen aginduz, zearo gaiztetsi ta salatu bear ditugunak.

Munduaren aurrean salatu olako erruetan eskuak loitzen dituenak.

Gero, gizakiaren jasokuntza nai dogula eta gabiltz!